Musika-hezkuntza arautua, Ikastola barruan ikaskuntza integralerako jauzia

Formación musical reglada, en las aulas de Begoñazpi Ikastola

Musika-hezkuntza arautua, Begoñazpi Ikastolako geletan

Musika Kontserbatorioak edota Musika Eskolak irakasten dauan moduan irakatsiko dau Begoñazpi Ikastolak musika-hezkuntza arautua geletan. Musika arloko proiektu hau, biolin ikasketak HH 2. mailan hasi eta DBH 4. mailaraino zabaltzean datza.

Ikastola eta ikastetxeetako hezkuntzan, musika ikasketak garaian garaiko legeak ezarritako curriculumean oinarrituz, musikaren inguruan egindako oinarrizko ibilbide didaktiko batera mugatu izan dira. Historia apur bat, musika-hizkuntzaren hastapena eta asko jota, musika-tresna bat jotzen hastea. Derrigorrezko Hezkuntzari lotutako oinarrizko kontzeptu honeek, musika gehiago landu gura daben ikasleak eskolaz kanpo jorratzera eroango dabezalarik.

Esan barik doa, musika ikasteak sekulako onurak ekarriko deutsiezala ikasleei. Izan be, hezkuntza-komunitatean, musika-hezkuntzaren garrantziaz badago orokorra dan adostasunik. Baina askotan, onuren inguruko iritzi hori ez da musika curriculumeko ibilbidean emon beharreko ikasgai bat izatetik harantzago joango. Nahiz eta egungo hezkuntza arloko zenbait ‘mugimendu” musika ikasgaia hautazko bihurtzearen aldekoak diran.

K.a. 400 urte lehenago Platonek adierazi eban lez, musikak jarraitzen dauzan ereduak –arte guztien moduan– ikaskuntza-gakoak izango dira. Dana dala, egin barri diran ikerketek musikak gizakiari ekarten deutsozan onura psikikoak eta fisikoak zehaztu dabez, batez be hazten dagozanez, umeei. UNESCOk Pedagogiari buruz antolatutako II. Biltzarrean (1958) XX. mendeko Dalcroze,  Ward, Martenot eta Orff pedagogo handien eskutik, onura horreek guztiak zehaztu ziran, besteak beste, hizkuntzaren hobekuntza, mintzamen, ahoskera eta azentuazinoaren garapena, hiztegia, arnasketa edota pentsamendua aitatuz.

Halanda be, ondoren egin diran ikerketek musikak eta honen ikaskuntzak dauzan onurak nabarmendu dabez. Batez be, musikak eta horretan jarduteak, hau da, interpretatzeak dakarzan abantailak azpimarratuz. Azken baten, musika-tresna bat jotzeak. 2014an Vermonteko Unibertsitateak musika-tresna bat jotzeak garunaren garapenean dauzan eraginak aztertu ebazan. Honen ondorioak eztabaidatuezinak izan ziran: musikan jarduteak motorraldeko neuronei eragin egingo deutse, eragin hori ona eta egokia izanik. Izan be, musika-tresna bat jotzeko nahitaezkoa izango da gorputz-mugimenduak kontrolatu eta koordinatzea. Ikerketaren ebazpen adierazgarriago batek hauxe diño: “arazo psikologikoak dauzan ume bati biolina jotzeak, ontzi bat pilula hartzeak baino gehiago lagunduko deutso”.

“Arazo psikologikoak dauzan ume bati biolina jotzeak, ontzi bat pilula hartzeak baino gehiago lagunduko deutso”

Musika arautuaren proiektua

Piano, en Educación Primaria

Pianoa, Lehen Hezkuntzan

Ikastolan musika-hezkuntza Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara irakasten bada be, geure buruari egin deutsogun galdera hauxe da: Hezkuntza-sistemek zergaitik lantzen dabe azal-azaletik musika-hezkuntza? Begi-bistakoa da, musika-ikaskuntza jorratu eta musika-ikasketak egin gura dauzan ikasleak kanpoko eragileengana, Musika Eskola Ofizialetara edota Musika Kontserbatorioetara jo behar dauana.

Egoera honen azterketa sakon baten ondorioz, Begoñazpi Ikastolak musika-hezkuntza berrantolatzea erabagi dau. Holan, ba, Howard Gardnerren Adimen Anizkoitzen teoriak adierazten dauan moduan, musika-adimenak zentzu osoa hartuko dau.

Beraz, asmo handiko helburua dogu, hau da, musika kontserbatorioak edota musika eskolak eskaintzen daben antzera, gura daben ikasleei musika-hezkuntza ofiziala eta arautua irakastea eta emotea. Honek musika-tresnak jotzea ezeze, ikasgai osagarriak lantzea be ekarriko daualarik.

Asmo handiko helburua dogu, hau da, musika kontserbatorioak edota musika eskolak eskaintzen daben antzera, gura daben ikasleei musika-hezkuntza ofiziala eta arautua irakastea eta emotea

Begoñazpi Ikastolak 2016-2017 ikasturte honetan, musika-hezkuntza hori berregituratzeko eta ikasleei, Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitzean, musikako erdi-mailako titulua eskuratzeko zorian egotea ahalbidetuko deutson proiektu globala eskaintzeko oinarriak jarri dauz.

Proiektu hau, umeek lau urte dabezanean hasiko da. Neska-mutilak kantak, dantzak, musikoterapia edota gorputz adierazpena tarteko dauzan munduan murgiltzeaz gain, biolina jotzen hasiko dira. Adin horretan, helburua melodia xume batzuk jotzen ikastea izango da, ez  instrumentua jotzen ikastea. Lehen Hezkuntzan irakasle eta biolin-jotzailea dan Nerea Peñak hauxe adierazi dau: “Musika eta musika-tresnaren hastapenak emon, musika-hizkuntzaren barri jaso, biolinaz arduratu eta melodia labur batzuk be joko dabez“.

Egun, Begoñazpi Ikastolan 4 urteko 100 umek baino gehiagok hartzen dabe arkua eta biolina, hari-instrumentu ergonomikoa, atsegina, herri-musikagaz eta musika modernoagaz  lotura estua dauana eta batez be, instrumentu-musika barneratu eta intonazioa zein erritmoa ezagutzeko aukera emoten deutsena.

Musika-tresnak, eten barik

Musika-hezkuntzarekin batera, musika-tresnek badabe bere lekua eta garrantzia Lehen Hekuntza 1. eta 2. mailetan. Neska-mutilek musika-familia desbardinakaz (haize-instrumetu, hari-instrumentu eta perkusio-instrumentua) probatu eta jotzeko aukera izango dabe. Aldi berean, musika-hezkuntzaren jarraipen hori zehaztutako orduetan, berezko metodoa erabiliz egingo da, pianoa joz musika-hizkuntzaren, erritmoen eta melodien ikaskuntzan sakonduz.

Lehen Hezkuntzako 3. mailara heltzean emongo da aldaketarik handiena. Ikasleek, 8 urte dabezala, beti be gura dabenek musika-hezkuntza arautuan ikasteko aukera izango dabe. Hona helduta, Ikastolak banaketa egingo dau, ikasle batzuek ikaskuntza ‘ofizialari” ekingo deutse, gainontzekoek Lehen Hezkuntzako betiko musika-eskoletan jarraituz.

‘Musika Kontserbatorioko moduko’ hezkuntza arautu honek, neska-mutilei irakas-denborako musika-orduetan, musika-hizkuntzan sakontzeko aukera emongo deutse. Hezkuntza arautuak zehazten dauan moduan, instrumentuari ekiteko, ostera, eskolaz kanpoko jarduera izango dabe. Lehen Hezkuntzako irakaslea eta oboe eta piano-jotzailea dan Naroa San Millánek hurrengo hau esan deusku: “Ikasleek, Ikastolatik urten barik, musika modu ofizialean ikasi eta gura daben instrumentua jo ahal izango dabe”.

“Ikasleek, Ikastolatik urten barik, musika modu ofizialean ikasi eta gura daben instrumentua jo ahal izango dabe”.

La música impregna Begoñazpi Ikastola

Begoñazpi Ikastola, musikaz blai

Banaketa hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara iritsi arte, Begoñazpi Ikastolak etapa honetan irakastegun eta eskolaz kanpoko orduak uztartuz,  teoria, historia, eskola-kantagintza, musika-tresna jotzea eta koreografien antolaketa biltzen dauan musika-programa landuko da. Holan izanda, Bigarren Hezkuntzan musika ikasgaian, ikasleek musika-etapa desbardinen historia kantu, dantza eta gitarra jotzeaz txandatuko dabe. Anuska Bilbaok, DBHko musika-arduradunak honako hau nabarmendu dau: “Gitarra, gizartean dauan hedapena dala eta, motrizitatea eta lateralitatea lantzen laguntzeaz gain, musika-ezagutzatik harantzago doan instrumentua izango da”. Izan ere, gazteen artean musika erraztasun osoz errotzen danez, eskolaz kanpoko jardueretan musika-tresnak –gitarra elektrikoa, bateria, teklatua…– jotzen dabezan neska-mutilak daborduko hasi dira musika-taldeak sortzen.

Musika-hezkuntza jasotzen daben heinean musika-tresnak jotzen hasteak erabakiarazi deutso Begoñazpi Ikastolari musika-programa integral hau abian jartzea. Irakasleek baieztapen honegaz bat egin dabe: “Oso garrantzitsua da musika entzun eta sentitzea, baina hezkuntzaren ikuspegitik garrantzitsuagoa da, musika jotzea edota sortzea”.

Elkarbanatu post hau / Comparte este post / Share this post
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Share on LinkedInBuffer this pageDigg thisShare on RedditShare on TumblrEmail this to someonePrint this page

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>