Begoñazpi Ikastolako proiekturik integralena: pertsonak prestatzea

Aprendizaje y servicio, van de la mano en Begoñazpi Ikastola

Ikasketa eta zerbitzua eskutik doaz Begoñazpi Ikastolan

Azken urteotan, Begoñazpi Ikastolako hezkuntza-proiektuak barrikuntza eta Harvardeko Unibertsitatearen ‘Ulermenerako Irakaskuntza’ metodologia oinarri izan badauz be, ikasleen garapen zein hazkundea ez dauz alde batera itzi..

Elizbarrutiko Ikastola honi jagokon eginkizuna nahiz errealitatearen kristau irakurketa eginez,  Begoñazpik hezkuntza arloan, beste pauso bat emon dau, ikasleak gizarteaz arduratzea ez eze, pertsona solidario izatea be ahalbidetuko dau. Daborduko hamar urte dira baloreen irakaskuntzan bistaratuko dan hezkuntza integralerako pastoral plana sortu zana. Honen ardatz nagusia, Nazareteko Jesusen mezuagaz bat eginez, ikasleek besteen zerbitzuan jardutea izanik.

Metodologia barritzailearen antzera, Begoñazpi Ikastolako pastoral proiektuak ikasleak protagonista bihurtuko dauz, ikasketakaz batera,  pertsona moduan izan beharreko bilakaeran ardatz izango dabezan bizipenetan eta bizitzako esperientzietan be sakondu dagien.

Pastoral eta solidario plana hainbat kanpainatan, hezkuntza-zereginetan eta ospakizunetan oinarritu arren, baleiteke proiekturik nabarmenenak Begoñazpiko hezkuntza-etapa guztietara hedatuta eta hainbat esparrutan landuta dagozan Ikasketa eta Zerbitzukoak izatea. Azken baten, ikasleak benetako beharrizana daben pertsonen zerbitzuan jarriko dira.

Ikasketa eta Zerbitzua proeiktuaren bidez, ikasleak pertsonen zerbitzuan paratzen dira, egiazko beharrizan batekin.

Ikaskideen arteko laguntza

Ondorioz, bai Ikastolan, bai Ikastolatik kanpo, Begoñazpiko ikasleek hainbat proiektu solidariotan parte hartzen dabe. Adibidez, DBH 4. mailako ikasleek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zenbait ikasgaitan laguntzen deutsee. Era berean, idazkaritzan telefonoa hartu zein autobusen sarrera-urteeretan lagundu zein eskola-ordu bat antolatu edo txango bat prestatzen laguntzen dabe. Pastoraleko arduraduna dan Aritz Luzeak hauxe adierazi dau: “Ikasleek erantzukizuna hartzen dabe. Komunitateari zerbitzu bat emoteaz gain, bizitzako beste alderdi batzuk be ikasten dabez”.

Nahiz eta ‘Zirikiña’ izan zan helburu berbera daben hainbat proiektutatik lehena, antzeko antolamendu edota ikuspegia baina helburu desbardina daben beste batzuk be badoguz. Horren adibide dogu‘Hiritar’ proiektua, honetan DBH 2. mailako ikasleek Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleakaz batera, enpatia eta asertibitatea, eskola-jazarpena, giza-eskubideak eta emozioak… sakonduko dabez. Edota gatxago egiten jakezan ikasgaietan lagunduko deutsee edota, Lehen Hezkuntzako ikasleek eguerdian ikasteko gela jagon eta jolastokia kudeatzen lagunduko dabe.

Zerbitzuaren bidezko ikasketa Ikastola osoari jagokon kontua da. Esaterako, Gidari proiektuaren barruko lankidetzari lotuta, Lehen Hezkuntzako ikasleek gazteagoei laguntzen deutseen bitartean, DBHkoek Lehen Hezkuntzako ikasleen lana gainbegiratuko dabe, eta Batxilergoko Psikologiako ikasleak Bigarren Hezkuntzako ikasleen aholkulari izango dira. Gurpil honek dauan helburu nagusia, ikasleei prestakuntza integrala emotea da, norberak dauan onena ataratzeko. “Bertatik bertara izango doguz helduen bizimoduko erronkak; ikasleek zeozertarako balio dabela antzemango dabe, ikasleen ohiko zereginez gain, pertsona moduan hazi eta heldu egin dirala konturatuko dira” adierazi deusku Erlijio irakasle eta proiektuen koordinatzailea dan Emilio Mañasek.

Kanpoko ekintzak

Ikasketa eta Zerbitzua proiektuak Begoñazpiko hormak gainditu eta egiazko arazoak detektatzen diran beste esparru batzuetako lankidetzara ere zabaltzen da.

Ikasketa eta Zerbitzua proiektuak Ikastolan ez eze, bertako hormetatik kanpo be egiazko arazoak antzematen diran beste esparru batzuetako lankidetzara zabaldu da. Hortik  sortu jaku ‘Deituak’ proiektua. Ekimen honetan, Batxilergoko ikasleak zahar-egoitzetara, Caritasera, Santutxuko Begoñazpi parrokiara, gizarte-bazterkeria egoeran dagozan pertsonen etxeetara eta ama etorkinak diran amentzako haurtzaindegietara joaten dira. Ikasleen eginkizuna, orotariko zereginak eginez, behar daben guztiei laguntzea izango da, besteak beste,  adinekoei lagun egin, abestu edo irakurriz, elikagaiak batuz zein banatuz, edota umeei  irakatsiz.

Luzeak hauxe adierazi deusku:“Ikasgelan lantzen ez diran irakasgaiak dira. Ikasleek protagonista bihurtuz, trebetasun sozialak erakutsiko dabez. Sarritan ikasketetan hain ondo ibiltzen ez diran ikasleak izaten dira zeregin honeetan gehien laguntzen dabenak”. Abantailak asko eta era askotakoak dira. Ikasleek, aldi berean eta zenbait eginkizunen aurrean, alkartasuna ez eze, ekimena, herabetasuna, sozializazioa edo lagunartekotasuna be landuko dabez. Azken baten, pertsona moduan garatuko dira.

Bizitzari buruzko gogoeta

Begoñazpi Ikastolak baloreetan oinarritutako hezkuntza proiekturik nabarmenenetako batzuk horreexek dira. Eskola-curriculumean sartuta –nota atarateko balio dabe– hainbat ikasgairen inguruko prestakuntza akademikoagaz osatzen dira, adibidez Erlijio ikasgaiagaz. Holan izanik, ikasgaia Ikastola osoan arrakastaz ezarri dan Ulermenerako Irakaskuntzaz eta Proiektuetan oinarrituriko Ikasketaz osatzen dan  metodologia barritzailean integratuko da.

Halanda be, azken urteotan zeregin praktikoagoetara bideratu dan Pastoraleko lanak ikasleei bizitzaz eta etorkizunaz pentsatzen lagunduko deutsen prestakuntza teorikoa eta gogoeta be eragingo dau. Honi esker, Begoñazpi Ikastolan lantzen dan adimen anizkoitza dan adimen espirituala be garatuko da.

Aurreko guztiari, helburu bera daben jardunaldiak eta kanpainak gaineratu behar jakoz. Helburu solidarioa daben kanpainak izango dira beti, besteak beste, bidezko merkataritza, tapoi, elikagai edota jogurten tapak batuz.

Proiektu honeek martxan ipini ziranetik, goitik behera aldatu dira ikasleen jarrera eta ikastolako giroa. Bakarrik lehenengo urtean, diziplina-arazoak % 47 murriztu ziran.

Mañasek honako hau azpimarratu deusku: “Begi-bistakoa da ikasleen parte-hartzea eta jarrera ona ” Proiektu honeek martxan jarri ziranetik, goitik behera aldatu da bai ikasleen jarrera, bai Ikastolako giroa. Lehenengo urtean, diziplina-arazoak % 47 murriztu ziran. Gainera, ikasleek kasu askotan irakasle lana egiten dabenez, ikasketetan jasotzen daben eragina positiboa izaten da.

Proiektu global honek, ikasleen lana gainbegiratu eta horreei laguntzeaz arduratzen diran irakasleak ez ezik, familiak be biltzen dauz. Elizbarrutiko Ebanjelizazio Planari ekinez, Begoñazpi Ikastolak bizikidetza, fedea eta zerbitzua ardatz hartzen dabezan ospakizunak eta ekitaldiak be antolatzen ditu. Horren adibide doguz, Elizbarrutiko Zeinua, testigantza programa, Domund eta Misioak.

Azken baten, programa zabal honen bidez, ikasleen hezkuntza integrala osatuko da, helduaroko erronkei erantzunez, gizarte honeganako konpromisotik be horreei aurre egiteko prestatuta egon daitezan.

Elkarbanatu post hau / Comparte este post / Share this post
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Share on LinkedInBuffer this pageDigg thisShare on RedditShare on TumblrEmail this to someonePrint this page

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*