Azken urteotan, ikastetxe eta ikastola askotan proiektuetan oinarritutako ikasketa ezinbesteko hezkuntza-tresna bilakatu da. Pentsamenduaren kultura edota ikasleari gogoeta eginaraztea da hezkuntza-estrategia hau aurrera eroateko oinarria.. Zelan garatu proiektuak? Bost pausotan azalduko deustsuegu.
Ikasketa eredu hau, azken hamarkadotan hezkuntza arloan nagusi izan dan ereduaren guztiz aurkakoa da. Hezkuntza-metodologia hau ezarri zanetik urte batzuk pasatu diranez, eraginkorra dala frogatu eta ziurtatu da, beti be nahitaezkoak diran beste teknika edo tresna batzuk erabiliz, jakina.
Ikasgelan proiektuen bidez lan egiteak, gaiak linealki, hau da, goitik behera edo ikasturtean zehar ikastea saihestuko dau. Apurka-apurka, ikasleen etenbako ikasketan ezagutzak biltzen dauzan topiko edota gai orokorrak itsatsiko dira. Hau da, hasierako proiektuak ikasleen hezkuntzan jorratu beharreko ikasgai ezbardinak hartu beharko dauz.
Baina, zer dala eta? Proiektuetan oinarritutako ikasketa eraginkorragoa dala eta ikasleei pentsamendu kritikoa eragiten deutsela, hots, gogoetatsuago bihurtzen dauzala erakutsi eta frogatzen daben arrazoi ugari dago. Beharbada, lehen arrazoia ikasketa horri aurre egiteko ikasleak dauan gogobetetzea eta motibazioa izango da. Ikasleak, ikasten dauanaren ardura berak hartuko dauanez, protagonistatzat izango dau bere burua.
Izan be, ikasleen inguruko oinarriak jarri ezik, proiektuetan oinarritutako ikasketak (POI edo PBL, project-based learning) ez leuke zentzurik izango. Beraz, helburuak ez dira proiektuetan garatu beharreko edukietan jarri behar -leku askotan egin dan moduan-, ikasleek landu beharreko gaitasunetan, trebetasunetan edota pentsamendu-motetan baino. Abiapuntua, ulermena izango da.
Begoñazpi Ikastolak holan ulertuko dau proiektuetan oinarritutako ikasketa. Hezkuntza ulertzeko modu honi zentzua emoteko Harvard Unibertsitatean garaturiko ‘Ulermenerako irakaskuntza’ izango dau abiapuntu. Hau da, proiektuetan oinarritutako filosofia hau hezkuntza arloko metodologia edo egitura xume batetik harantago joango da. Holan definituko dabe Juanjo Bergara bezalako adituek: POIk “ez dau eredu itxia onartuko; gogoeta egitera eroan edota gonbidatuko gaituan estrategia izango da”.
Begoñazpi Ikastolak holan ulertuko dau proiektuetan oinarritutako ikasketa. Hezkuntza ulertzeko modu honi zentzua emoteko Harvard Unibertsitatean garaturiko ‘Ulermenerako irakaskuntza’ izango dau abiapuntu.
Zelan landuko dogu lana proiektuka?
1.- Aldez aurreko lana.
Proiektua aldez aurreko lanetik abiatuko da. Irakasle-talde batek –hezkuntza-zikloko tutoreak eta garatu beharreko ikasgaietako irakasleak barne– gaiari edota topikoari jagokozan xedeak azaldu eta mahaigaineratuko dauz. Bertan ez dira hezkuntza-curriculumean zehaztutako edukiak bakarrik agertuko. Horreetaz gain, ikasleen hausnarketa, ikasgaien ulermena, ezagutza zein jakintza bera, sormena…eragin eta sustatzeko ardatz, zalantza zein tresnak be sartu beharko dira baita helburuak lortzeko tresnak be. Azken baten, pentsamendua, ulermena eta gaitasunak erdiestea gura dogu.
2.- Galdera nagusiak.
Helburu orokorren inguruan irakasleek egingo daben lana “ikasleek gai honetaz zer ulertzea gura dogu?”, “zelan ulertuko dabe?” eta, batez be, “zertarako ulertzea gura dogu?” moduko galderetatik abiatuko da.
Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren curriculumak agintzen dauan Europa ikasteko ordua heldu jaku. Hiruhileko bat iraungo dauan proiektuak batez be ‘Ingurunearen ezagutza, gaztelania eta euskara’ ikasgaiak uztartuko dauz. Zer jakin behar dabe ikasleek, herrialdeak eta hiriburuak non dagozan baino ez? Aldez aurretik, irakasleek lehentasunak zehaztuko dabez: “Ikasleek, geografikoki Europa eta Europar Batasuna dagozala ulertu dagiela gura dogu. Horrek beste galdera batzuk eragingo dauz; adibidez, zer dakarren komunitate bateko kide izateak, zergaitik batzuek euroa erabiltzen daben eta beste batzuek ez…” adierazi dau Begoñazpi Ikastolako arduraduna eta Harvard Unibertsitateko Project Zero proiektuko laguntzailea dan Sergio Fernandezek.
Jakina, Fernandezek zehaztu dauanez, gatxa bada be, galdera egokiak egiteko ikaslearen lekuan jarri behar dogu. Puntu honetara helduta, zer interesatzen jaken eta zer jakin behar daben oinarrizko galderak dirala emoten dau. Baina, adibidez, Begoñazpi Ikastolako 12 urteko ikasleek Errusia Europa ete dan, zein muga dauan edota telebistan entzundakoaren arabera ‘baltzez jantzitako gizonak’ nor diran galdetzen dabenean izan beharko dogu erantzunen bat.
3.- Jarduera.
Proiektua lana ikasgelan martxan jartzeagaz hasiko da. Baina jarduerak, eskolako ekintzagaz alderatuta, ikasleari pentsarazi egingo deutso; hau da, lan eginarazteaz gain, ikasleei pentsarazi eta ulertarazi egingo deutse. Ikerketa-lan honetan, ikaslea zalantzak argitzen hasiko da eta irakasleak gidari-lana egingo dau, pauso bakoitzean gogoeta eginaraziz.
Fernandezen esanetan, horretarako ikasleak bizkortu egin behar dau, hau da, “ikasleak ez dakianari urtenbidea emoteko premiaz jabetu behar dau”. Adibidez, Europa proiektua Romulo eta Remoren Luperca otsemearen irudi hutsaz hasiko da. Erromaren sorrerak jakin-mina sortuko dau ikasgelan. Ikasleek zer ikusten, interpretatzen eta jakin gura dabe? Une honetan piztuko da gogoeta eta ulermena garatzen.
Aurreko guztitik galdera konplexuagoak sartuko dira: Zein onura dau komunitatean bizitzeak? zer ekarriko deusku? zergaitik batu zan Europa? zein herrialdek osotzen dabe? zergaitik urten dau Britainia Handiak? zelan baldintzatzen gaitu alde geografikoak eta klimak? zein kultura dago? kultura honeek zergaitik dira hain ezbardinak?
Hemendik aurrera, ikerketari ekiteko eta erantzunak bilatu nahian, proiektuetan oinarritutako ikasketa osatuko daben tresna guztiak sartuko dira: lan kooperatiboa, pentsamenduaren errutinak eta trebetasunak, adimen-mapak (Visible Thinking), pentsamenduaren hainbat egitura, adimen anizkoitzak, hezkuntza-teknologia… Helburuetan sakontzeko eta proiektuak irauten dauan bitartean.
Irakasleak hauxe adierazi deusku: “Gogoan izan behar da, askotan proiektu batek beste arlo batzuetako edukiak barnean dauzala”. Beraz, une honetan ekingo deutsogu proiektuaren araberako beste kontzeptu batzuk be lantzen –historia, geografia, natura, hizkuntza, matematika…– behar dan moduan azalduz eta proiektuan behar dan moduan txertatuz, baliagarria dala frogatzeko, hau da, hasieran egindako galderari erantzuteko: zertarako ulertu gura dogu hau?
“Hona helduta, partidaren erdia baino gehiago irabazita izango dogu. Ikasleak, landutako ezagutzak zelan eta zertarako erabiliko dauzan ondo baino hobeto jakingo dauanez, jakin egin gura dau eta horretarako erantzunak behar izango dauz. Irakasleak honako adibidea azaldu deusku: Europako klima ikastean, ikasleak bere buruari klima-aldaketari buruz galdetzen deutsonean, estatistika eta honi lotutako guztia landu daiteke, klimogramaren bidez, tenperaturen bilakaera edota plubiometria landuz eta barneratuz”.
Ikasleak, landutako ezagutzak zelan eta zertarako erabiliko dauzan ondo baino hobeto jakingo dauanez, jakin egin gura dau eta horretarako erantzunak behar izango dauz.
4.- Zalantzak argituz, ulermenera helduz.
Apurka-apurka, ikaslea ikasten dauana ulertzeko gai dala konturatuko da. Gainera, erakutsi edo adierazi egingo dau. Ulermena sortu eta garatzen danean, beste tresna batzuk sartuko dira; esate baterako, Europa proiektuan sormen artistikoa Fernandezek azaldu deuskunez, “Azken proiektua aurrera ateratzeko behar dan guztia (standak, jantziak, gastronomia…) diseinatu eta sortzea da kontzeptuak ulertzeko era artistikoa”. Ikasleak proiektuari azken zertzeladak emoten egongo dira. Momentu horretan, irakasleak bertatik bertara egiaztatu ahal izango dau ikasleek gogoeta egin eta ulertu dabela eta ikasteko gogoari eusten deutsela. Une horretan, azken proiektua prestatzea baino ez jake falta, hau da, ikasi dabena erakustea.
5.- Azken proiektua.
Atal honi itxura emotea ikasketa egiaztatzeko urtenbideetako bat, eta amaierako azalpen honetan, ikasleek, ikasi dabena erakusteaz gain, aurkezten ikasi dabela be frogatu behar dabe. Fernandezen berbetan, proiektu hau motibazioa sustatzeko be beharrezkoa da.
Europa proiektua, adibidez, ‘Expovacaciones’ izeneko azoka izango da. Ikasleek herrialdeak aurkeztu eta hiruhileko osoan landu eta ikertutakoari jarraituz, egindako galderei erantzun behar izango deutsee: kultura, historia, geografia, egoera politikoa… Taldeka lan eginez, ikasleek euren sormena eta adierazpena be islatuko dabe. Gainera, hori guztiori lantzeko izan daben askatasunak ulertzeko gai dirala frogatuko dau.
6.- Ebaluazioa.
Ebaluazio-sistema nagusia hainbat behaketa-protokolok osatzen dabe. Honeek irakasleei, ikasleari nota jartzeko tresnak emongo deutseez. Behaketa honeek, ikasleek konponbidea emon behar deutsen probaz osotu daitekez. Beraz, ebaluazioa osotasunean datza, ikasgelan landutako proiektu osoan, guztien ahalegina ez eze, ikasle bakoitzaren kemena zein ulermena be kontuan hartuz. Begoñazpi Ikastolak egiaztatu dauan moduan, emaitza ezin da hobea izan. “Heldu askok beranduagoago ikasi badogu be, ikasleek ez dabe ezer ziurtzat joko. Argudio eta ikuspuntu ezbardinak txertatuko dabez beti.”.
Proiektuetan oinarritutako ikasketak, hots, pentsamenduaren kulturak, aurrerapauso bat gehiago emon dau. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara helduz.
Es un fantástica exposición muy bien ilustrada que recoge la nueva metodología , y que espero tenga las resultados esperados.