Begoñazpi Ikastola, xakea ikasgai izateko ahaleginean ainzindari danez, hezkuntza arloari ekarriko deutsozan onurak aprobetxatuz, Ikastolak jokoaren nondik-norakoak ikasketeri ekin deutso. Ikasleek honen lanketa eta ikasketa, 4 urte dabezala hasiko dabe, modu ludikoan hasi be, eta diziplinaren ikasketa Lehen Hezkuntzako 6. mailan amaituko dabe.
Aspalditik dakigu, xake-jokoa adimena eta buru-argitasuna garatzeko jarduera ezin hobea dana. Halanda be, hainbat definizinoren arabera, artea eta adimena batzen dauzan joko hau orain dala gitxi heldu da tresna pedagokiko izatera ikastetxeetara.
Euskadin, Begoñazpi Ikastola orain dala lau urte hasi zan xakea ikasgelan beste ikasgai bat balitz moduan sartzen, adimen logiko-matematikoa indartzeko asmoz, Howard Gardnerren adimen anizkoitzen teoria kontuan hartuz eta Harvardeko Project Zero dalakoan oinarrituz. Hau guztia, Ulermenerako Irakaskuntzarako hezkuntza esparruan.
Lehen, beste ikastetxe askotan legez, xakea eskolaz kanpoko jarduera zan, baina hori irakasteak eta erabiltzeak ez eban inongo helburu pedagogikorik. Xake-jokoan jardutea sustatzen bagenduan be, honek ez eban ikasteko jarraibide egokirik.
Xakeak garunaren alde biei eragiten deutse, oroimena hobetu, arazoak konpontzeko trebetasunak areagotu, irakurtzeko trebetasunak sakondu, kontzentrazinoa handitu eta planifikatzen irakasten dau eta.
XX mendearen erdialdean errusiarrak izan ziran xakea eskoletan irakasteari ekin eutsienak. Unescok 1995ean gomendatu eban Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan xakea ikasgaitzat hartzea. Baina garai haretan barrikuntza kontuetan guztiz zurruna genduan hezkuntza-sistemak, Guraso Alkarteen eskutik, xakearen erabilera eskolaz kanpoko ikasgai izatera eroan eban.
Hainbat onura
Halanda be, Begoñazpi Ikastolak, barrikuntza DNAn dauala, xakearen irakaskuntzari lotutako onurak egiaztatzen ebezan ikerlanak aztertu eta barneratzeari ekin eutson. Azterlan gehienen arabera, xakearen praktikak garunaren alde biei eragiten deutse, beste hainbat abantaila pedagokikoren artean, oroimena hobetu, arazoak konpontzeko trebetasunak areagotu, irakurtzeko trebetasunak sakondu, kontzentrazinoa handitu eta planifikatzen irakasten dau eta. “Xakea oso prozesu adiktiboa da, farmako positiboa umeentzat”, esan eban Raymond Keen xake-maisu eta kazetari ingelesak.
Azterketa-prozesu honetan, Begoñazpi Ikastolak ikasgai izanez, xakea ikasgelan sartzeko modu eraginkorra topatu eban. Miamin, Harvardeko Unibertsitateak urtero antolatzen dauan Pentsamenduari buruzko Munduko Biltzarrean, Ikastolak Adriana Salazar xake-txapelduna eta honek garatutako ‘Xakea ikasgelan’ metodoa ezagutu ebazan. Izena bezain argi eta zehatza dan metodoa, bat etorren Ikastola osoari darion pentsamenduaren kulturagaz. Holan adierazi eban 2015ean Innobasquen Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak.
Metodologia honek hiru ildo nagusi ditu, ikasleengan apurka-apurka errotuz joango diran hiru galdera handi: zelan mugitzen dira xakeko piezak?; zelan garatzen dira trebetasun mentalak xakearen bidez?; zelan laguntzen dau xakeak nork bere burua osatzen ikasteko?
Hasierako galdera honeek ulermenerako xedeak ezartzen lagunduko dabe. Ikastolak metodo hau osatzen daben zortzi ikasturteetako bakoitzean ikasleengan finkatuko dauzan helburuak izango dira, 4 urtetik Lehen Hekuntzako 6. mailaraino. Txikienen artean, piezen mugimendua, harrapaketak eta joan-etorrien kalkulua; tarteko mailetan, xakearen eta defendatzearen garrantziaz gain, ideien eta jokaldien inguruko arrazoibidea, eta azkenik goi mailetan, munduko xake finaletako jokaldi eta partida handiak aztertzea.
Matematika eta ulermena
Beraz, Begoñazpi Ikastolan hainbat ikasgairen artean garatutako adimen logiko-matematikoagaz eta Ikastolako hezkuntza-ereduaren ardatz pedagokiko bihurtu dan ulermenagaz oso lotuta dagozan helburuak izango dira. “pentsamenduko errutinak sartzen laguntzen deuskun aldetik, xakea matematika hutsa da eta ulermena be bai,”esan deusku Jon Crespok, Begoñazpi Ikastolako Haur Hezkuntzako arduradun pedagogikoak.
“Dana egingo da oso modu ludikoan, izan be, pieza bakoitzak ipuin bat eta kantu bat izango dau, eta pieza guztiak bainilla eta txokolatezko herrialdean biziko dira”
4 urtetik aurrera, neska-mutilak xake-taula ezagutzen hasten dira, modu bisual, erakargarri eta dibertigarrian. Astean ordu batez, lauki zuri-baltzak, pieza eta abiapuntuko posizinoak erabiliz, hainbat seriazino lantzen hasten dira baita ilada, zutabe eta diagonalaren kontzeptuen barri izaten be.
Ikasturte osoan, pieza batzuen (peoia, torrea, alfila…) mugimendua, jokaldi eta mugimendu jakin batzuk eta harrapaketak azaltzeko, hainbat saio egingo dira. “Baina dana egingo da oso modu ludikoan, izan be, pieza bakoitzak ipuin bat eta kantu bat izango dau, eta pieza guztiak bainilla eta txokolatezko herrialdean biziko dira” esan deusku Crespok irribarretsu.
5 urtegaz, Haur Hezkuntzan, kontzeptuak errepasatu eta erregina, zaldi eta erregearen mugimenduakaz, xakeagaz, erregea defendatzeko moduakaz eta xake-mateagaz jarraituko dabe, besteak beste. Euren arteko partidak, bi edo hiru kideko taldeetan, ohiko bihurtu dira daborduko.
“Xake-taula erraldoia erabilten dogu eta ikasleak eurak dira mugituko diran piezak. Holan, taldeka lan egiten dabe, aldi berean, mugimenduak arbelean jarritako xake-taulan ikusiko doguz. Gainera, ikasitakoa eta ulertutakoa fitxatan idatzita izten dogu” adierazi dau Crespok. Baina onena da “ez dirala ikasten ari dirala konturatzen; istorioan murgildu eta gozatu egiten dabe” ziurtatu dau.
Lehen Hezkuntzan, ikasten jarraitzeko, beste aurrerapauso bat emoten da mugimenduetan, partidetan, kalkuluetan eta honeen arrazoibidean… Berba batean esanda, adimen logiko-matematikoan eta ulermenean. Lehen Hezkuntzako etapa osoa bete arte (LHko 6.maila) apurka-apurka egingo da.
Xake-jokoa Lehen Hezkuntzako 4. mailara heltzen danean, Ikastolak sakon aztertu, neurtu eta konparatuko dau ikasketa honen eragina. Baina argi dagoana da neska-mutilek taldeka behar egiten dabela, ondokoa errespetatuz eta txanda itxaroten ikasiz, hanka sartuz eta porrota kontrolatzen be ikasiz. Honeei pentsamenduak eratzen eta antolatzen lagunduko deutsen eta etorkizunerako ezinbestekoa izango dan diziplina gehitu behar jake.