Zer ete dago ikasle baten ikasketa, pertsonal edo portaera-arazoen atzean? Oraintsu arte, irakasleek, borondaterik onenaz, mekanika tradizionalak erabiltzen ebezan ikasleen norabidea zuzentzeko. “Gehiago ikasi; ikasteko denbora gehiago atara; zintzo ibili; egin behar dozunari ekin…”. Ikasle eta irakasle arteko norabide bakarreko harreman horretan, agindua zan nagusi.
Hori dala eta, orain dala lau urte, ikasleen hezkuntza-garapena hobetzeko asmoz, sortu zan coaching-a Begoñazpi Ikastolan. Bizitzako beste alderdi batzuetan bezalaxe, hezkuntzan be, coaching-a gauzei buruzko ikuspegi globala izateko, arazoak antzemateko eta konponbideak emoteko sortu da. Azken batean, ikaslea bera da protagonista, bera da bere etorkizunaren arduradun eta jabe, hau da, bera da bere ikasketa-prozesuaren erantzule. Irakaslea edo tutorea, ikasketa-ibilbide horretan, beste laguntzaile bat baino ez da izango. Hemendik aurrera, ikasle eta irakaslearen arteko harremana norabide bikoa izango da.
Holan sortu da hezkuntza-coaching-a, ikasleei zuzenduta eta oinarrizko lau pausotan egituratuta dagozan ondoko galdera honeen inguruan:
1.- Helburua: zer gura dozu? Non ikusten dozu zeure burua urte batzuk barru?
2.- Errealitatea: non zagoz eta zer behar dozu?
3.- Aurrera atara daikezuzan aukerak.
4.- Ekintza-Plana. Zer, noiz, non…?
Sarritan, ikasketa-emoitza kaskarren atzean, familia, haurtzaroko nahiz antolaketa edo borondateari jagokozan arazoak egoten dira. Beraz, xedea ikasleak egoerari aurre egitea izango da
Ikasleek, ikuspegi globala lortzeaz gain, euren buruaren jabe izatea, arazoak antzematea eta sormenaz baliatuz hezkuntza-garapena behar dan moduan bideratzea be lortuko dabe. “Orain arte, behin eta barriro esan izan dogu, ikasle batek, ikasteko gaitasuna badaula baina ez dauala ikasi gura. Baieztapen hori %99 ez da egia., Begoñazpi Ikastolako DBH eta Batxilergoko ikasketa-buru eta hazkuntza-coaching-eko aditua dan Eider Aznarrek hauxe adierazi deusku: ‘ahal dau baina ezin dau’ esan beharko dogu, hau da, beharbada kognitiboki ahal izango dau, baina emozionalki ez”.
Izan be, notak, gehienetan, adimen kognitiboagaz nahiz adimen emozionalagaz lotura daben hainbat konturen isla izaten dira. Jakina da, coaching-ak hezkuntzan dauan garrantzia ulertzeko adimen emozionala oinarrizkoa dana.
Sarritan, ikasketa-emoitza kaskarren atzean, familia, haurtzaroko nahiz antolaketa edo borondateari jagokozan arazoak egoten dira. Beraz, xedea ikasleak egoerari aurre egitea izango da.
Egun ikaslea babestuta eta lagunduta sentituko da.
Baina zein dira hezkuntza-coaching-aren onurak eta abantailak?
1.- Ikasketei jagokezan abantailak. Honeexek dira agerikoenak. Ikasleak, coaching-ari esker, ikasketa-prozesuaren arduradun izango dira, hobetzeko neurriak hartzen dabez, notak hobetuz. Adibide hau jarri deusku prestatzaileak: “Derigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasle batek medikuntza ikasketak egin gura badauz, nota behar dauala eta ondorioz gehiago ikasi behar dauala konturatuko da”
2.- Erabakiak hartzea bultzatuko dau. Ikasleek hogeita hamaika eskutik izango dabenez, tutore edo irakasleak ez deutse ikasleei zertan esan, zer egin behar daben. Eguneroko jarduna, agenda, ikasturtea eta urtea eurek erabakiko dabe. Azken baten, euren etorkizuna.
3.- Ikasle eta irakaslearen arteko lotura hobetuko dau. Hezkuntza-coaching-a martxan jarri arte, harreman hori ez zan erraza. Egun ikaslea babestuta eta lagunduta sentituko da. Tutorea, bere arazoak kontuan hartu eta lagunduko deutsan pertsona dala jakingo dau. Ondorioz, harremana estuagoa izango da.
4.- Enpatiari etekina atarako deutso. Irakasleak entzun egingo dau, entzuten jarraituko dau eta arreta handiz entzuten dauala ikusaraziko deutso ikasleari. Ikasleak aurrekoa antzemanda, irakaslea solaskide egokia dala jakingo dau eta lagun gitxiri kontatuko leuskiozan bere kontu be –arazo askori konponbidea emoteko beharrezkoak diranak–azalduko deutsoz. “Entzun baino ez jako egin behar. Esaldiak amaitzen itzi. Esan behar dauana arretaz entzun eta lagunduko deutsen esaldi egokiak eta beharrezkoak egin”, adierazi dau.
5.- Emozioen kudeaketa sendotuko dau. Hezkuntza-coachin-agaz lotura handia eta zuzena dau emozioak eraldatzeak. Ikasleak arazoak eta beharrizanak antzematen ikasi badau, erabakiak hartzen ikasi badau, emozioak be aldatu ahal izango dauz, adibidez, azterketa edo ikasgai batekiko beldurra edo higuina, emozio positibo bihurtuz.
6.- Baliabideak eta denbora kudeatzen lagunduko dau. Ikasleak bere ikasketa eta egoera pertsonalari buruzko hausnarketa egin ondoren, bata zein bestea hobetzeko premia ikusi eta izango dau. Horri esker, prozesua hasitakoan, argi izango dau denbora zelan eta zertan erabiliko dauan. “Ikasleak argi eta garbi ikusiko dau entrenamendu bati denbora gehiegi emon deutsola eta ikasteko denbora gehiago atara behar dauala” esan dau.
7.- Portaera hobetuko dau. Aurreko guztiaz gain, ikasleak portaera desegoki baten arrazoiak jakin eta ulertuko dauz. Adibidez, amorrua ez dau ikaskide baten aurkako eraso bihurtuko. Hezitzaileak hauxe nabarmendu dau: “Kasu batzuetan, ikaslea aurreko urteetan baztertuta sentitu izanak eragin dau portaera desegokia”.
8.- Ikasleen arteko harremanak hobetuko dauz. Portaera hobetu ahala, neska-mutilak ikaskideen arteko gatazken arrazoiez jabetuko dira. Askotan, erabat emozionalak diran kontuak, familia giroko arazoak edota aurreko emozioek eragindakoak izaten dira… Eta konponbidea emoten deutsee.
9.– Lehen Hezkuntzatik DBHrako aldaketa erraztuko dau.Maila aldaketa hau ez da inoiz erraza izan. Ikasle askorentzat, nerabezaroarekin batera, benetako arazo izaten da. Zentzu honetan, ikasleei emozioak ondo kudeatzen jakiteak lagundu egingo deutse. Dana dala, hezkuntza-coaching-a batik bat, DBHko eta Batxilergoko ikasleei laguntzeko erabiltzen bada be, Lehen Hezkuntzako kasu batzuetan laguntzeko be erabili daiteke.