Munduan, norantz doa hezkuntza?

María Ximena Barrera eta Patricia León

Harvard-eko Unibertsitatean irakasle laguntzaile dabiltzan María Ximena Barrera eta Patricia León Project Zero deritxoneko kideek

Hezkuntza, norantz doa? Galdera hau ez da erraza ezta emon beharreko erantzuna be, batez be munduak ezezagunari aurre egin behar deutsola kontuan hartzen badogu. Halaxe egiaztatu dabe Harvard Unibertsitatean irakasle laguntzaile eta Estatu Batuetako unibertsitate horretako ikasketa prozesuak garatzeko ikerketa-proiektu ugari landu dauzan hezkuntza arloko ikerketa-talde honen, hau da, Project Zeroko kideak diran María Ximena Barrerak eta Patricia Leónek.

León eta Barrera barriro izan doguz Begoñazpi Ikastolan, bai hezkuntza eremuan aholkuak emoteko, bai apurka-apurka etapa guztietan ikasleek hausnartu, kontzeptuak ulertu eta ezagutza teorikoak buruz ikastetik harantzagoko pentsamendu kritikoa garatzeko beharrizana azpimarratzen dauan “Ulermenerako Irakaskuntza” ezartzen joan daiten laguntzeko.

Gizartea eta hezkuntza aldatuz doaz

Hain zabala dan galderari erantzuteko, hezitzaile bi honeek ukaezina dan kontzeptua hartu dabe abiapuntutzat: Gizartea oso arin ari da aldatzen, gainera gehiago eta erritmo biziagoan aldatuko da. Halaxe egiaztatzen dabe datuek. Azken ikerketen arabera, orain ikastetxeetan dagozan ikasleen % 65ek oraindino egiten ez diran lanak egingo dabez. Beraz, hauxe da egin beharreko galdera nagusia: zelan heziko doguz umeak, honeek ezezagunari aurre egin edo erantzuna emoteko?

Azken ikerketen arabera, orain ikastetxeetan dagozan ikasleen % 65ek oraindino egiten ez diran lanak egingo dabez

Hori dala eta, mundu osoan eta maila globalean, nahikoa onartuta dagoan hezkuntza-korrontea zabaldu eta ezartzen ari da. Honek, ikasleengan pentsamenduaren garapena sustatzea izango dau helburu. Horren harira, Barrerak hauxe adierazi deusku: “Batez be ikasleek ikasten jarraitu, independenteak eta jakin-mina izan nahi dagien”. Azken baten, lan-talde honen helburua, pentsatzen irakastea eta ikasten irakastea da. Barredak azaldu deuskunez, ikasleek ez badabe ikasten jarraitu nahi edota jakiteko gogorik adierazten, atzean geratuko dira.

Baina zelan piztu jakin-min hori?

Orain dala urte gitxi arte, informazioa eskuratzea zan hezkuntza munduaren helburu nagusia. Gaur egun, ordea, arazo hori konponduta dago. Informazioa eskuratzea orokorra da. Interneten begiratu baino ez dago. Baina zelan hautatu eta sailkatu informazio hori, zelan egiaztatu hori guztiori?

Merkat Bernaola, Patricia León eta María Ximena Barrera

Merkat Bernaola, Patricia León y María Ximena Barrera

Leónen eta Barreraren esanetan, horretarako, hezkuntzak pentsamendu kritikoa –ez “kritikatzailea”– garatzeko tresnak emon behar deutsez ikasleei, benetan garrantzitsua dan informazioa bereizten jakin dagien, besteakaz komunikatzen ikasi dagien, sortzaileak izan daitezan…

Horreexek dira hezkuntzan adituak diran Howard Gardnerrek eta David Perkinsek izan ebezan ideia nagusiak Project Zero abian jarri ebenean. Eta apurka-apurka, munduak bide horretatik jo beharko dau. Hamabi urtez ikastetxe bateko zuzendari izan zan Leónek hurrengo hau azaldu deusku: “Ikastetxeek egiten daben lana zalantzan jartzen dabe. Pentsamendu kritikoa ez dago guztiz hedatuta, baina eskola bakoitza hasi da hezkuntza zalantzan jartzen. Eta hortik abiatuta, bakoitzak jagokon erritmoa hartu eta eroan beharko dau”.

Oraintsu arte, belaunaldia 20 urtean behin aldatzen zan. Hezkuntza arloan, gaur egun, belaunaldi bat bost urtean aldatuko da.

Errealitateak behartu egiten dau. Oraintsu arte, belaunaldia 20 urtean behin aldatzen zan. Hezkuntza arloan, gaur egun, belaunaldi bat bost urtean aldatuko da. “50 urtez egin izan dodanak balio izan deusta esateak ez dau balio” gehitu dau.

Ondorioz, mundu osoko ikastetxeak hasi dira lanean. Project Zerok Europako, Estatu Batuetako, Australiako edota Indiako ikastetxeetan harrera ona izan dau, baina “oraindik asko dago egiteko”. Hain zuzen be, Gardnerren eta Perkinsenen teoriak aspaldi garatzen dabilen Begoñazpi Ikastola erreferente bihurtu da ikerketa-taldean. Hori dala eta, Ikastolako irakaslea dan Sergio Fernández hizlari izango da Harvard Unibertsitateko udako Project Zero ikastaroetan.

Elkarbanatu post hau / Comparte este post / Share this post
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Share on LinkedInBuffer this pageDigg thisShare on RedditShare on TumblrEmail this to someonePrint this page

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*