Aucouturier, eskuko telefonoaren garaian, mugimenduan oinarritutako psikomotrizitatea

fotos aucouturier PLAY 1

Begoñazpi Ikastolak, mugimendu askearen eta joko sinbolikoaren bidez, umeen adierazkotasuna lantzen dauan Aucouturier Praktika Psikomotorearen alde egin dau

Psikomotrizitatea, giza-adimenaren jarduera psikikoaren eta mugitzeko gaitasunaren edo gorputzaren funtzio motorraren arteko loturatzat hartuta, azken hamarkadetan ikastetxeetan barra-barra zabaldu dan diziplina da. Dana dala, garai honeetan umeen bizimoduan, eraso digitalak batez be gero eta gehiago diranez, inoiz baino beharrezkoagoa da umeen mugimenduari protagonismoa emon behar jako. Izan be, hainbat lan zientifikok azpimarratu dabenez, umeen garapen fisiko, kognitibo, afektibo eta sozialerako mugimendua ezinbestekoa da.

Irizpide horretan oinarrituta, Begoñazpi Ikastolak egun inoiz baino balio handiagoa dauan metodologiaren alde egin dau. Aucouturier Praktika Psikomotorea, hau da, psikomotrizitatearen sortzailea, Haur Hezkuntzako urte 2 eta 5 urte bitarteko neska-mutilen mugimendu eta joko askearen alde egongo da. Mugimenduaren bidez, umeek emozinoak, sentitzeko moduak, zelangoak diran… antzeman eta argitzen ikasiko dabe. Haurtzaroko  garapen ebolutiboan zein  ikasketa prozesuan, mugimenduak eta jokoak garrantzi handia izango dabe eta.

“Praktika psikomotor hezitzaile eta prebentiboa, umearen jolas-jarduerei lagunduko deutsen praktika da. Umeari heldu bihurtzeko bidean, jarduteko plazerretik pentsatzeko plazerrera jauzi egiten lagunduko deutso. Gainera, haurrari estutasunen aurrean konfiantza izatea be ahalbidetuko deutso”. Bernat Aucouturier

fotos aucouturier 3

Begoñazpi Ikastolan ezarritako ulermen eta emozinoen kudeaketa ardatz dauzan ikasketa-eredu integrala eta Aucouturier praktika psikomotorea Haur Hezkuntzara heldu da. “Hausnarketa-prozesu sakona egin ondoren, Aucouturier ereduaren alde egitea erabagi genduan eta bete-betean asmatu dogulakoan nago” adierazi deusku Ana Ortuondok, Ikastolako metodologia arduradunak.

Psikomotrizitatea ulertzeko modu honek hainbat helburu ditu:

1.- Mugimenduaren bidez, gaztetxoen joko sinbolikoa garatzea. Sinbolizazinoa komunikazinorako bidea da, hau da, neska-mutilek bai euren buruari, bai ikaskideei, ahoz zein gorputzez adieraztea.

2.- Segurtasuna finkatzea. Psikomotrizitate-gela leku segurua da. Begoñazpi Ikastolan psikomotrizitatea lantzeko erabilten diran, bakotxak 100 m² baino gehiago daben esparru biek, umeei behar daben segurtasuna emoteko baldintza guztiak betetzen dabez: egurrezko zoruak, kolore politak, espazio gardenak eta argiak…azken baten, mugimendua arrisku barik sustatzeko materialak erabiliko dira. Aldi berean, hezitzailea gelako “giroaren” sortzaile izango da.

3.- Egozentrismoa baztertzea, “konzentrazinoa kentzea” lortzea. Neska-mutilek besteak be hor dagozala konturatzeaz gain, besteenganako enpatia be izan behar dabe. Horretarako, komunikazinoa, mugimendua, hizkuntza… erabiliko da.

Astean behin izango diran saioetan, umeek ardatz izango dabezan oinarrizko arauak sortu eta goitik behera bete beharko dabez. Psikomotrizitate arduradunaren hitzetan honeexek dira arauok: “Inori kalterik ez eragitea; ikasgelako ume guztiak errespetatzea eta materiala zaintzea. Hortik aurrera, ederto baten ibiltzea edota gozatzea izango da gelditzen jakun arau bakarra”

Holan antolatutako psikomotrizitate-saioan, umeek agerian itziko dabez euren beldurrak –denborearen poderioz gaindituz joango direnak–, saltoka eta olgetan gozatu egingo dabe, adierazi edgigo dabe, agertu egingo dira… Mugitu egingo dira, izan be, mugimendua ondoeza adierazoteko bidea izango da.

Baina zelan antolatuko da saioa?

fotos aucouturier 4

Aldi eta era berean egingo diran eta gaztetxoen adinera egokitutako saioen helburuak betetzeko, abentura honetan ikasleak eurak izango dira protagonista. Sarrerako errituala –andereñoak ikasleei banan-banan egindako agurra – eta horma botatzea dira unerik garrantzitsuenak. Hainbat formatako bloke bigunez osatutako “horma” hori botatzen daben unean, umeek hezitzaileak eraikitakoa desegingo dabe, geroago atzera eraikitzeko. Eraikitzeko, bota. “pertsona moduan hazten joango diranez, helduz, euren burua erakutsi eta nabarmendu  nahi izango dabe”adierazi dau Ortuondok.

Berehala helduko da mugimendu-adierazkortasunaren unea. Bere kontura, gelan dagozan materialakaz jolasten hasiko dira, besteak beste, txurro bigun, kuxin, peluxe, mozorrotzeko oihal, paratxutaren itxura daben oihal, tunel, pilota, boti-boti, ohe elastiko, jauzi egiteko guneak…bezalako osagaiakaz.

Une magiko horretan –joko sinbolikoa tarteko–arauetatik kanpo (oinarrizkoetatik izan ezik), zelangoak diran adierazi ez eze, gozatu be egingo dabe… Gainera, andereñoa be eraldatu egingo da. Honek, “egituratze” lana egiten lagundu bitartean, “amaren” lana be egingo dau. Hau da, hezitzaileak, erreferentea dan aldetik, segurtasunez bizitzeko mugak jarriko deutsez, aldi berean, umeei apartekoak dirala sentiaraziz.

Saioa amaitzeko erabilten dan urtetako erritualak ezin hobeto islatzen dau umeek psikomotrizitatea lantzeko agertzen daben gogoa eta motibazinoa. “Umeek une oro galdetzen dabe ea noiz etorriko dan psikoa; horrek, ezin gehiagoan gozatzeko umeek jolasteko denbora gehiago gura dabela erakusten deusku” azpimarratu dau Ortuondok.

Jolastokian, araurik ez dagoanez, mugimenduak ez dauz helburu berberak lortuko. “Psikomotrizitatea giza-motrizitatearen ulermen psikologikoa da, beraz, iPadaren eta eskuko telefonoaren zein denbora hain mugatua dan garaian, psikomotrizitatea inoiz baino beharrezkoagoa eta baliagarriagoa dan hezkuntza-tresna izango da”nabarmendu dau hezitzaileak.

Elkarbanatu post hau / Comparte este post / Share this post
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Share on LinkedInBuffer this pageDigg thisShare on RedditShare on TumblrEmail this to someonePrint this page

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*