Begoñazpi Ikastolak hezkuntza-proiektua eguerdiko jardunaldira luzatzeko eta ikasleen prestakuntza jantokian zein jolastokian osatzeko prozesua abiarazi dau. Honen bidez, Ikastolak dauan plan pedagokikoari koherentzia emongo deutso.
Ikasgela barruan nahiz kanpoan hezkuntza integrala eskaintzeko xedez, Begoñazpi Ikastolak hezkuntza-apustua osatu eta pedagogi proiektua eguerdiko orduetara, hau da, ikasleek arrastiko jardunari ekin orduko jantoki eta eguerdiko jolas-orduetara, luzatzeko prozesuari ekin deutso.
Gaur egun jazotzen dan moduan, Begoñazpi Ikastolako pedagogi proiektuak ikasgela barruko ikaskuntzari (Hezkuntza Formala) jarraipena emoten deutso, eskolaz kanpoko jardueretara (Hezkuntza Ez-Formala) be luzatuz; azken baten, Ikastolak hezkuntza-proiektu guztiari koherentzia emon gura deutso. Holan izanik, hezkuntza-proiektuari eusten deutsoen konpromisoa, baloreak, ikasleen arreta eta emozionaltasuna lako ardatz nagusiek, ikasgelatik kanpo be, jarraipena izango dabe. Hau da, Begoñazpi Ikastolak bai ikasgela barruko hezkuntza, bai jantokian, jolastokian eta ikasgelatik kanpo jazotzen dana uztartu gura dau, alkarren osagarri izango da eta.
Izan be, umeentzat ordu bi inguruko tarte hori izango da eguneko unerik garrantzitsuenetakoa. Alde batetik, eguerdiko bazkalordua, horrek dakarrenagaz; bestetik, ikasgelatik kanpo lagunakaz jolasteko eta hartu-emonetan jarduteko jolastokian egoteko dauan denbora.
Jantokian emongo dan lehen urratsa elikadurak izango dauan hobekuntza izango da. Nutrizinoari zein ikasleen arteko hartu-emonei jagokenez, eskola-elikadurak izan dauzan azken aurrerapenek, Begoñazpi Ikastolari hausnarketa eginarazoko deutso. Honek, menuetan zein jantokiko instalazinoetan, hobekuntza integrala bultzatuko daualarik.
Hain zuzen be, Begoñazpi Ikastola Eusko Jaurlaritzaren elikadura osasungarriari buruzko plan barriagaz bat egin dauan lehen ikastetxeetako bat da. Jakin badakigu, plan hori Europar Batasunak bultzatutako elikadura-protokolo bik, hau da, Naos estrategiak eta Perseo programak babesten dabena.
Nutrizinoari zein ikasleen arteko hartu emonei jagokenez, eskola-elikadurak izan dauzan azken aurrerapenek, Begoñazpi Ikastolari hausnarketa eginarazoko deutso.
Menu osasungarriagoak
Hasierako hausnarketa horretatik eta enpresa espezializatu bati eskatutako egungo menuei buruzko diagnostiko zehatzetik abiatuta sortu da Ikastolako menuak hobetzeko proiektua. Hau, Eusko Jaurlaritzaren protokolo barriakaz eta elikadura osasungarria bultzatzeko planagaz bat dator, jakina.
Hamabost parametro aztertu ondoren, diagnostikoak batez be, lau arlo honeek hobetzea proposatu dau: arrautza gehiago jatea; goarnizinoetan, entsaladan zein gordinik, barazki gehiago sartzea; fruta gehiago jatea, astean hirutan behintzat eta amaitzeko, bestelako postreak kentzea. Era berean, elikadurari buruzko ikuzkapen honek plater batzuk hobetzeko be zenbait jarraibide emon dau: arrain urdin gehiago jatea (arrain urdinez egindako hanburgesak edo haragi-bolak sartuz); arrautzatutako arrainen ordez, laban egindako arrainak emotea edo zenbait janari frijitu murriztea, erreak eta erregosiak gehituz.
Halanda be, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen dauan moduan, eskolako menuak atsegina izan behar dau ikasleentzat. Hauxe esan deusku Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak: “adin guztietara egokitutako eta ikasleen gustukoa dan janaria prestatuko dogu, ikasleek danerik eta dana jatea gura dogu, ez dogu janaririk bota gura”.
Begoñazpi Ikastolak egun dauan erronka, ikasleentzat menu osasungarria eta gustagarria lortzea da. Dana dala, elikadura erronka hau, familiei gomendio honeek emonez, Ikastolatik kanpo be zabaldu gura dau. Hasiera baten, batez be hamaiketakoa hobetu asmoz. “Laguntza emon eta familiei ohitura osasungarriak hartu dagiezan eragin gura deutsegu, Ikastolan egindako lanari jarraipena emotea xede izanik, gai honek Ikastolatik haratago joan behar daualakoan gagoz eta” azaldu dau Begoñazpi Ikastolako zuzendariak.
Horregaitik, ba, gurasoei daborduko emon deutseguz oinarrizko jarraibideak. Besteak beste, hamaiketarako frutak dauan garrantzia nabarmenduz eta azukreak, edari probiotikoak edo esne hartzitua daben produktuak ekiditea proposatuz. Halanda be, oraingo hau eguerdiko menua hamaiketakoagaz bat egiteko lehen pausoa edo ahalegina baino ez da, familien eretxiak bildu eta Eusko Jaurlaritzak etxeko elikaduraren gainean emongo dauzan iradokizunak jaso zain.
Toki atseginagoak
Begoñazpi Ikastolak menu osasungarriagoa ezarriz eta bazkalordua atsegin, emankor eta hezigarriagoa izan daiten, ingurunea eta eremuak hobetzeari ekin deutso. Aldaketa hau argi eta garbi ikusi daikegu Haur Hezkuntzako jantokian, denbora eta tokia berrantolatu egin da eta.
Ikasleek, hamar minutu gehiago dabenez, mahai biribiletan jezarrita bazkaltzen daben bitartean, hartu-emonetan jarri eta ezaguerak egiteko modua izango dabe. Gainera, aretoa handitu, hosgabetu eta altzari zein hornigarriak gaurkotu egin dira. Ondorioz, orain jagoleen arreta eta kudeaketa ordenatuagoa eta praktikoagoa edota zuzenagoa be bada.
Jolas-ordua
Eguerdiko programa honen hirugarren ardatza ikasleek jolastokian emoten daben denborari jagoko; izan be, jolas-ordu honetan, ikasleen hezkuntza aberasteko Begoñazpi Ikastolaren baloreak eta jolasari jagokozan osagai pedagogikoak landuko dira. Holan egiten badogu, hezkuntza formala (ikasgelakoa) eta ez-formala jolastokian be alkarren osagarri izango dira.
Begoñazpi Ikastolak abiarazitako ekintza-planak ikasleen aisialdi eta jolasaldian emoten diran egoerak kudeatzen dauz, batez be, neska-mutilen arteko hartu-emonei jagokezanak.
Hezitzaileentzat, Ikasleakaz partekatzen daben denbora hori, jolas-orduak jagoteko barik, hezitzeko tartea izango da. Horregaitik, ikasleen beharrei erantzuteko, Ikastolako bizikidetza-plana jolastokira eroateko, aisialdiari balio erantsia emoteko eta jolas-orduan sortu daitekezan gatazkei konponbidea emoteko, hezitzaile honeek guztiek prestakuntza-plana hasi dabe.
Begoñazpi Ikastolak abiarazitako ekintza-planak ikasleen aisialdi eta jolasaldian emoten diran egoerak kudeatzen dauz, batez be, neska-mutilen arteko hartu-emonei jagokezanak. Eta jakina, hori guztia adin ezbardinetara egokituta.
Hori dala eta, Haur Hezkuntzan, inguruan jazotzen dan guztia kudeatzen dan bitartean aisialdia aberasteko, jolas sinbolikoa eta jolas kooperatiboa be sartuko dira.
Bigarren Hezkuntzan, ordea, helburua handiagoa da. Ikasleen adina kontuan izanik, jagoleak neska-mutilen konfiantzako lagunak izango dira. Kaleko hezitzaile profesionalak arduratuko dira jolastokian gertatzen diran dinamika sozialez, neska-mutilen arteko hartu-emonak aztertzeaz eta nerabeei eragiteaz, zer pentsatzen daben eta zelango eretxiak dabezan jakiteko eta nerabezaroagaz lotutako gaietan laguntzeko.
Horrek guztiorrek balizko bullying kasuak edo ikasleen arteko gatazkak bizkorrago antzematen lagunduko dau. “Orain arte, jolastokian, neska-mutilek zaintzan oinarritutako eredua izan dabe; hori dala eta, jolastokia kudeatzeko beste eredu bat abian jartzeko unea da, konfiantzako lagunen laguntzaz, euren zalantzak eta beldurrak adierazteko modua izan dagien” azaldu dabe arduradunek.
Ikasleei hezkuntza integrala bermatzeko asmoz, oraingo ekimen hau, Begoñazpi Ikastolaren eskaintza pedagokikoan beste pauso bat baino ez da.