Begoñazpi Ikastola, Lehen Hezkuntzan, Harvard Unibertsitateko “Projet Zero” ereduaren azken zertzeladak emoten dago. Eredu honetan, ikasleek gai desbardinetan lantzen dabe ulermen maila. Helburu hau lortzen danean, ohiko azterketen balioa murriztu egiten da. Ikuspegi barri honen ardatza Ikaslea bere ikasketa prozesuaren jabea izatean datza, hau guztia ikaskideen lanarekin be osatzen dalarik. Harago doan ikasketaren paradigma barri honek emaitzak biziki hobetuko dauz, hau da, bai emaitza akademikoak bai helburuak erdiesteko asetasunak izugarrizko hobekuntza izango dau.
1.- Zelan irakatsi
Azken xedea lortzeko, -ikaslearen ulermena-, ikastetxeak dauan hezkuntza ereduak irakasteko modua edo irakasbidea aldatu beharko dau. Hau honela izanik, irakasleak, ikasleen hezkuntza prozesuaren bitartekari bihurtuko dira, hots, gidari izango dira eta jakina, ikasleak jakitun eta guztiaren barri izan beharko dau uneoro. Hainbat metodologia eta hezkuntza-baliabide zein metodoren erabilerak, hala nola, errutinak eta pentsamendurako trebetasunak, adimen anizkoitzak eta lan-kooperatiboak, azken xedea lortzen lagunduko dabe.
2.- Zelan ebaluatu
Irakasteko era desbardina bada, ebaluatzeko erak be desbardina izan behar dau. Beraz, ikasleen balorazio edo ebaluazio honek, gaitasunak eta trebetasunak ez eze, gaien ulermena be neurtu beharko dau. Horregaitik guztiagaitik eta batez be, ikasleen balorazio egokiagoa egiteko, Begoñazpi Ikastolako irakasleek zenbait baliabide erabiliko dabe. Argi izan behar dogu garrantzitsuena ikasleen ulermena neurtzea dana, ez buruz ikastea.
Argi izan behar dogu garrantzitsuena ikasleen ulermena neurtzea dana, ez buruz ikastea.
3.- Baliabideak
Ebaluazio hau egiteko, errubrika edo matrizea da baliabiderik erabiliena. Sistema hau erabiliz, -ebaluatuko diran ekintzen irizpideak dabezan taulak- ikasleek lanak egitean,badakie zer izan behar daben kontuan. Era berean, errubrikek, lanetan zuzenketak egiteko eta hobetzeko aukera emongo deutsie. Horrez gain, irizpide taula horreek, ikaskideen lanak zuzentzeko aukera be emongo deutsie, hau “atzeraelikadura eskailara” deritxona da. Eskailara honen bidez, ikasle batek ondokoa ebaluatuko dau baita hobekuntzak proposatu be. Ondorioa hauxe da: “ Irakasten dauanak, birritan ikasten dau”
4.- Azterketarik badago?
Batzuetan, ikasleak kontzepturen bat ulertu dauan jakin behar dogunez, ahozko zein idatzizko frogak egingo jakoz baina honek helburu bat izango dau: ikasleak zertan hobetu behar dauan jakitea. Froga honeek, azken balorazioan, ez dabe balio handirik izango, hobetzeko adierazle baino ez dira izango.
Ikasle batek ondokoa ebaluatuko dau baita hobekuntzak proposatu be. Ondorioa hauxe da: “Irakasten dauanak, birritan ikasten dau”.
5.- Irakaslearen behaketa
Ebaluazioa, etenbako prozesua danez, irakasleak gela barruan egiten dauan behaketa ezinbesteko zeregina da. Ikasleek irakasleei emondako azalpen, egindako galdera eta lanen bidez, bakoitzak dauan ezagutza eta ulermen mailaren barri emoten deutsie. Ebaluazioak ez dau adierazle hutsa izan behar, hori baino garrantzitsuagoa ikasleek aurrerakuntza eta hobekuntzen barri jasotzea izango da eta.