Zergaitik, zertarako eta zelan kudeatu emozioak, ikaslearen bizi-botikina

Seguridad, asco, sorpresa, alegría y tristeza: emociones.

Segurtasuna, nazka, mirespena, alaitasuna eta tristura: emozioak

Ume eta nerabeek sentikortasun handiz bizi dabez eguneroko jazoerak. Etxekoek, adiskideek, neska-lagunek eta mutil-lagunek, ikasketek, inguruneak… modu erabakigarrian eragiten deutsen emozio multzoa sorratazten dabe eurengan. Emozio honeek kudeatu ahal izatea, emozioak identifikatu eta egoera bakoitzari ondoen jatorkon moduan egokitzea funtsezko tresna bilakatu da ikasleen osasun afektiboa edo bizi-botikina hobetzeko. Eta horrek guztiak egunez eguneko jardunaren hobekuntza dakar: bere buruarekin, bere lagunekin, etxekoekin edo ikasketekin. 

Baina zer dira emozioak? Emozioak, ugaztunek ingurunera egokitu eta bizirik irauteko daukezan berezko tresnak dira. Horreetan, gizabanakoaren estimulu jakin batzuetara egokitzeko moduak irudikatzen dabezan erreakzio psikofisiologikoak aurkitu ahal doguz. Ikerketek egiaztatu dabenez, emozioak gizabanakoaren egoera neurologikoan errotuta dagoz. Garuneko erreakzio kimiko horreek estimuluei era batera ala bestera erantzuteko modua zehazten deuskue. Holan, dopaminak –nerbio-sistemako neurotransmisoreetako bat– alaitasunari eta euforiari eragiten deutse, eta serotoninak segurtasunari. Ondorioz, bata eta bestea aktibatzeak zuzen-zuzenean eragiten deutso egoera emozionalari.

Oraintsu arte, gehienak pertsonarengan gertatzen ziran zirrara desatseginakaz identifikatzen ziran: amorrazioa, beldurra, nazka, errua, tristura. Gainera, alaitasuna emozioa positibotzat jotzen zen, eta ustekabea emozio mistotzat. Azken ikerketek, ordea, hiru emozio “atsegin” berri bereiztu dabez: segurtasuna, mirespena eta jakingura edo kuriositatea.

Komunitate zientifikoak bermatutako ‘aurkikuntza’ honetan oinarrituta, Roberto Aguadok adimen emozionaleko metodologia eraginkorra –Lotura Emozional Kontzientea– garatu eban 2012an, pertsonaren emozioak prebenitu eta arrakastara eroango gaituan sistema emozional osasuntsua antolatzeko. Horrexetan dihardu lanean Aguadok, Emotional Network lantaldeko zuzendari Aritz Anasagastiren gidaritzapean, kode emozionala hobetu eta laguntzen ez deuskuen emozioak aldatu ahal izateko.

Alabaina, emozioen kudeaketa zer den adierazteko, ikertzaile-talde honek egindako ikerketek bi garun-mota bereiztu dabez. 1. motako garuna, emozio horreek arrazoitik aldatzeko gai dana, eta 2. motako garuna, kogniziotik abiatuta emozio horreek aldatzeko gai ez dana (Adibidez, bizitzen ari den egoerarako beldur “desegokia” dauana). Eta hemen hasi daiteke jardunean LEK eredua.

Lotura Emozional Kontzientearen metodoak abiapuntu bi ditu: alde batetik, gure emozioez kontziente izateko aukera –eta premia– dogu, eta bigarrenik, jakin badakigu emozio horreek aldatu ahal dirala. Baina ez arrazoitik, emozio beretik baino, Anasagastik azpimarratu dauanez.

Hau da, gizabanakoari eragiten deutsoen emozioak identifikatu ostean, ondo bereiztu behar da emozio egokiak ete diran, eta egokiak ez baldin badira, beharrezko emozioen ordez aldatu behar dira.

Zein egoeratan erabili daiteke LEK eredua?

Asko dira ikaslearen emozioei eragiten deutseen faktoreak, eta ondorioz, era askotara oratu behar jake. Zenbat ikasle, horrenbeste kasu. Holan egiaztatu dabe, azken urteotan emozioak kudeatzeko eredu horretan trebatzen dabiltzan Begoñazpi Ikastolako orientazio-taldeko kideek.

Maite dan norbait galtzea, lagun arteko arazoak, emoitza akademiko kaskarrak… horreen guztien atzean dagozan emozioek, oro har, ez deutsoe uzten ikasleari kontrolatu guran dabilan egoeraren gaineko kontrola izaten.

Normala da tristura sentitzea familiako norbat hiltzen danean, normala da beldurra sentitzea gainditu barik dagozan ikasgaiez betetako ebaluazio bat hurbiltzen danean; baina zenbat denboraz?, zelango intentsitateagaz?”, esan dau adibide bezala Ainara Elorduik, Begoñazpi Ikastolako Orientazio Sailaren arduradunak. Emozio honeek bizitzen ari dan testuingurura egokituta dagoz, baina muga jakin batzuen barruan.

“Normala da ikasle bat hilabetetan errudun sentitzea azterketa bat ez gainditzeagaitik?, zergatik ikasle batek gorrotatzen dau ikasgai bat?, zelango emoitzak izan daikez ispiluaren aurrean nazka sentitzen dauanak?”, galdetu dau.

Seguridad y rabia, emociones diferentes.

Segurtasuna eta amorrazioa.

Ez dago emozio negatiborik, emozio guztiak dira positiboak. Batzuk atseginak eta beste batzuk desatseginak, baina emozio guztiak dira beharrezkoak eta egokitzaileak, sentitzen diran testuingurura egokituta badagoz. “Arriskutsua dan zeozeren beldur izateak korrika ateratzera bultzatuko zaitu arriskurik izatekotan, eta errua sentitzeak errudun egin zaituana konpontzen saiatzera bultzatuko zaitu, baina ikasgai batek ez leuskizu beldurrik eragin behar, jakingura edo mirespena baino”, adierazi dau. Beraz, emozioak, bizitzen ari dan egoerara egokituta ala egokitu barik egon daitekez.

Emozioak kudeatzen jakitea da gorabehera horreei aurre egiteko tresnarik egokiena. Baina arrazoia –logikatik emozio horreek desegokiak dirala argudiatzea– ez bada nahikoa egoera emozionala aldatzeko, emozioa emoziotik abiatuta aldatu behar da.

Gaur badakigu ikerketei esker, 6-7 urterainoko umeek ezin dabela gogoeta egin, eta helduen % 30ek ere ezin dauala hausnarketarik egin, emozioan harrapatuta dagozalako (2. motako garuna). “Nahiz eta arrazoiak behin eta barriro ‘ez horretan pentsatu, ez horretan pentsatu gehiago’ esan, pertsona urteerarik ez dauan labirinto batean harrapatuta dago”, azaldu dau Elorduik. Arrazoia, zeharo logikoa izanda ere, emozioaren atzetik geratu ohi da holango egoeretan. Hau da, “emozioak erabakitzen dau, baina arrazoiak justifikatzen dau”.

Holango egoeretan hasi daiteke jardunean LEK eredua.

Ikasgai batekiko beldurra jakingura bihurtzen badogu, tristura segurtasun bihurtzen badogu eta errua mirespen bihurtzen baldin badogu, ikasleak egoera argitzeko moduko emozio egokiak sentituko ditu, arrakasta lortzen lagunduko deutson tresna eraginkorra eskuratzeaz gain.

Ondorioz, ikasteko modurik onena KLASEa (Kuriositatea, Lilura edo mirespena, Alaitasuna eta SEgurtasuna) da.

Alabaina, zelan aldatu daitekez emozioak?

Zelan lagundu ahal deutsogu ikasle bati bere mundu emozionala kudeatu dagian? Begoñazpi Ikastolan, LEK eredua oinarritzat hartuz, honako pauso honeek emoten doguz:

1.- LOTURA EZARRI ETA EMOZIOA IDENTIFIKATZEA

 Batzuetan, ikaslea, sentitzen ari dana izendatzeko gauza da, baina askotan, ezin dau bereiztu be egin sentitzen ari dan emozioa. Holan, “beldur dala esaten dau, nahigabea edo nazka sentitzen dauanean”, azaldu dau Ainarak. Coach-aren (orientatzailea zein hezitzailearen) lehenengo zeregina, ikaslea sentitzen ari dan emozioa identifikatzea da, emozio bera sentituz (prozesu honi “sinpatizatzea” esaten jako LEK ereduan).

2.- EMOZIOAGAZ ENPATIZATZEA

Ikasleak sentitzen dauana sentitu ostean, coach-ak ikaslea sentitzen dauana sentitzean sentitzen ari dana sentituz lan egiten dau (enpatia). Pauso hau erabakigarria da, askotan kosta egiten dan aldaketa egiteko. Hori lortzeko gomendioa, aurrean dozun pertsona mirestea da, zehaztu dau orientatzaileak. Pauso hau landu ostean, eta ez lehenago, kudeaketa emozionala gauzatu ahal izango dogu.

3.- COACH-ARENGAN EMOZIOA ALDATZEA IKASLEARENGAN EMOZIOA ALDATU AHAL IZATEKO

Doitu bariko emozio guztiek jagoken “antidoto” emozioa dabe; adibidez, tristurazko emozioa segurtasunagaz, mirespenagaz edota jakinminagaz doitu daiteke. Pauso honetan, coach-ak beregan aktibatu behar dau ikaslearekiko “enpatiaz” sumatu dauan emozioaren aurkako antidoto emozioa, aurrean dauan pertsonari kutsatzeko asmoz, orientatzaileak adierazi dauanez. Ikasleak eta irakasleak KLASEan dagozanean, ikasgelaren barruan, ikastea erraztasun osoko zeregina izango da.

Erronka bezala, Begoñazpi ikastolan, eredu honi buruzko prestakuntza emon gura jake ikasleei, kudeaketa emozionala curriculumean txertatuz, zeharkakotasunez, “egunen batean ikasleak euren emozioen kudeatzaileak izan daitezan”, laburbildu dau Eider Aznar Ikasketa-Buruak.

Elkarbanatu post hau / Comparte este post / Share this post
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Share on LinkedInBuffer this pageDigg thisShare on RedditShare on TumblrEmail this to someonePrint this page

Erantzun bat “Zergaitik, zertarako eta zelan kudeatu emozioak, ikaslearen bizi-botikina” bidalketan

  1. Hijos y alumnos con un “botiquín” lleno de herramientas, experiencias, amor y humor. Acompañar y sentirnos acompañados. Porque ahora “guiamos” nosotros; ellos nos guiarán en el futuro.
    A mí, ya me iluminan el presente. Gracias Adrià y Marta.

Utzi erantzuna Mercè Cortés(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*